Espazio eta denbora aldetik batasun bat mantenduz, lan honetan egunerokotasun baten barruko egoera berezi baten erretratua egiten da: urte berri baten sarreraren ospakizina, alegia. Baina afariak irauten duen bitartean gertatzen dena ez da ohikoa. Eta are gutxiago ospatu daitekeen zerbait.
Afaria eta kanpaien arteko momento batean, Pablok Uxue bortxatuko du. Afaria eta kanpaien arteko momentu batean, familia honen arteko harreman guztiek eztanda egingo dute.
Pablo ez da bortxatzaile baten estereotipoa. Ez da, inondik inora, kalezulo batean bere biktimen esperoan dagoen izaki bortitz eta psikopatikoa. Bortxakerien gehiengoa sendiaren eremuan ematen da eta ez dituzte erotutako pertsonek burutzen. Ez dira aurrez susmatu diatezkeen egintzak.
Lana, ikasketak eta ama maitekorrak dituzten izakiek burutzen dituzte, orohar gizonek, agian bere bizitzan arrakasta dutenak eta baita harreman “normalak” edo onartuak ere bai. Pablo existitzen den munstrorik beldurgarriena da. Izaki baten tankera hartzen duen hoietakoa. Benetako tranpa bat, begiari tranpa bat.
Hau Luciaren istorioa da. Bere semea berak pentsatzen zuen aingerutxo zoragarria ez dela deskubritzen duen ama baten istorioa, prozesu bortitz eta mingarri bat jasan beharko duena, benetan gaizkile bat dela onartuz. Celiaren istorioa ere bada. Beti azpiratua, bere ahizparen arrakasten ondoan beti txiki sentitu izan den emakumea; bere barne eztabaidaren kontakizuna menderatze egoera hau abandonatu nahian.
Nahiz eta egitura nahiko tradizionala eduki, “FAKE, BEGIARI TRANPA” istorioa kontatzeko denboran jauzi ugari eman beharko ditugu, kronologia apurtu, itzulerarik gabeko puntu horretara nola iritsi garen ulertu ahal izateko, eta aldi berean tamainako ekintza izugarri horren ondorioak eta horren aurrean familiako kide bakoitzak hartzen duen jarrera ulertzeko.
Ekintza bera ez da eszenifikatua izango, nolabait irudikatu egingo da soilik. Baina hau ez da arrazoi dramatikoengatik hartutako erabaki bat, gogoeta etiko bat baizik. Norbaiten borondatearen kontra gauzatutako ekintza sexual bat bortxaketa bat da. Ez dugu delituaren izaeraren inguruko eztabaida bat sostengatu nahi. Bilatzen duguna gure ingurua arakatu eta bertan aurkitu ditzakegun jarreren onargarritasunaren inguruko eztabaida sortzea da. Ama bat noraino iritsi daitekeen bere semea defendatzeko, edota berarenganako duen ikuspuntu idilikoa osorik mantentzeko, adibidez.
Egia bat bakarra da eta eztabaidaezina, bortxatzaile baten amak horren kontra egin nahi badu ere. Eta hor dago gure gakoa; gezurra. Egon daitekeen gezurrik mingarriena. Gure buruari kontatzen dioguna, egia jasangaitza egiten zaigulako.
Aldi berean, hau, familien inguruko istorio bat da, eta hoien barnean ematen diren botere harremanen ingurukoa. Nola gehien maite dugun pertsonei errealitatea izkutatzen saiatzen garen edo gurasoen aurrean erakusten dugun nortasuna noraino aldentzen den benetako izaerarengandik. Gure pertsonalitatearen arabera, zelako botere-rolak hartzen ditugun, edo ingurukoen izaerak markatuta.
Klimax-aren aurretiko eszenan, bere semearen ingles ikastetxeko deia jasoko du Luciak, berarekin gertatzen ari dena ikusteko aukera duela ikusiko dugu, aurrez aurre inposatzea ere burutik pasako zaiola ikusiko dugu… baina ez da ausartuko. Honen aurrean galdera hau egin beharko genioke guru buruari: nola onartzen duzu zure semea munstro bat dela?
Istorioa, tragediaren alboan datorren katarsi ekidiezinarekin amaitzen da. Bere semea defendatu ostean eta bere ahizpa manipulatu izana bilatu ondoren, Luciak, egia osoa onartu baino beste biderik ez du aurkituko, eta honek dakartzan ondorioak irentsi beharko ditu.
Sare sozialen garaian bizi gara. Gure buruaren irudi perfektua isladatzen saiatzen gara bertan. Gero, denak, begiari tranpa bat baino ez garela diogu, kexati. Baina hau ez da berria, aintzinatik datorren estrategia bat da. Agian galdera hau plazaratu beharrean gaude: benetan, zerbait aldatu al da? Ez al dugu beti berdin jokatu? Ez al gara betidanik gure alderdi onak erakusten eta gure miseriak izkutatzen saiatu?
Ez nator bat gezurarren inguruko esaldi ospetsu honekin: “Gezurrak oso hanka motzak ditu”
Nire ustez gezurrak hanka luze eta ilunak ditu, hanka beldurgarriak benetan. Batez ere familia honen baitan plazaratu diren gezurrek. Momentu konkretu batean ondorio latzak ekiditzeko botatzen ditugun gezurrek, eta azkenean gure kartzela bilakatzen diren hoiek. Barkamenaren aukera galdu duten gezurren multzoa, ixiltasunaren ozeanoan hondoratuak.
Gezurra gure kondizio bilakatu da.
Zenbat eta gehiagotan kontatu gezur bat gure buruari, gero eta gehiago sinisten dugu berau egia dela, eta hori da gezurretan okerrena.
Egia da ihesian dihoana.
Egia da benetako hankamotza.
|